Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Erraiak

2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Gogorra da beti maite duzun inoren heriotza. Min ematen du. Baina aldea dago minetik minera, eta ez da gauza bera zahartzaroak eta bizitza legeak eramandakoa agurtzea, edo bizitza istripuren batek garaiz kanpo ostutakoa —dela gaitz goiztiarren batek, dela bestelako ezbeharren batek—. Are eta handiagoa mina istripua inork eragindakoa bada, eta zer esanik ez, gure maitea inork berariaz hil badu. Horrelakoetan, mendeku gosea izaten da zauria arintzeko bide: errudunak senti dezala, gutxien-gutxienez, guk adinako mina. Hartara bultzatzen gaituzte erraiek. Orduan, zer esango dute, bada, 21 urteko semea labanaz hil dieten gurasoek? Etsita daudela, txikia iruditzen zaiela hiltzaileari jarritako 18 urteko zigorra, gutxienez 20koa espero zutela, hobe 25ekoa balitz, edo bizi osokoa; ez dela egin justiziarik.

Ezusteko eta berritasunik gabeko mezu horixe ari dira gure inguruko hedabide handienak —publikoak barne— behin eta berriz zabaltzen, orain Asier Lavanderaren hilketaren kasuan bezala, azkenaldiko beste hainbatetan ere. Beti patroi berberaz: hurkoa mehatxu. Ahaztu egin dute —ahanztarazi egin nahi digute—mendekuak justiziarekin eta gizatasunarekin zerikusi gutxi duela; besteak beste, erraiei eusteak egiten gaituela jende.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.