Bira
Erreferenteak
Bizkaiko bertsolarien txapelketa bateko finalean boxeolariaren azalean jarri ninduten. Gaia zaila egin zitzaidan ez dakidalako nik boxeoari buruz ia ezer. Lagun batekin txapelketaren balorazio pertsonal-emozionala egiten ari nintzela, gaiaren zailtasuna azaldu nion, baina bera ez zegoen ados: haren ustez, gaia zaila egin zitzaidan boxeolariaren lekuan ez nuelako neure burua ikusten, mutil bat baizik. Nik, ezetz: «Zu boxeolaria zara», esan zidala gai-jartzaileak eta nik Onintza ikusten nuela boxeoko eskularruak jantzita. Berak berea: han egon zen jende gehienak, nik barne, mutila ikusten genuela. Oraindik oraintsu, bertso afari batean futbolari buruzko gaia jarri ziguten. Ordura arte ez, eta, orduan, mutil bihurtu ninduten momentu batez. Norbaitek oharra pasatu zion gai-jartzaileari eta, «barkatu, semea ez, alaba», esan zuen. Plazaz plaza egin dudan denboran, halako mila batu ditut, eta, kontatzen hasten naizenean, jendeak esaten dit adibide txikiak direla, ez dutela ezer esaten, banaka batzuen joera dela. Ez. Ez dugu neska boxeolaririk ezagutzen, eta oraindik ere kosta egiten zaigu futbola nesken gauza ere badela onartzea. Halako adibideek erakusten didate oraindik leku asko daukagula irabazteko, eta irabazi ditugun lekuetan ez digutela erreferente izaten uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu