Onintza Enbeita
Bira

Eskubidea

2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Greba egiteko moduak asko aldatu dira, aldatu direnez. Lehen piketeak piketeak baino ez ziren. Orain pikete informatiboak egiten ditugu: ez da errepiderik mozten, ez da inoren lanerako bidea oztopatzen, ez da harririk botatzen… XXI. mendeko grebetan eskirolik ere ez dago: grebarik egin nahi ez duten langileek eskubidea daukate lanera joateko. Lanera joatea eskubidea balitz bezala! Lanera joatea, gure sistema honetan, beharrizana da. Eskubidea dugu lanean tratu duina jasotzeko, soldata duina izateko, haurdunaldi bat despidorako motibo ez izateko, eta abar eta abar. Baina goizean jaiki eta kopeta ilunez lanera joatea ez da eskubidea, betebeharra da; edo beharra, besterik gabe. Pobreak lan egin behar du bizitzeko eta aberatsek derrigor behar dituela sinetsarazi dioten luxuak ordaintzeko. Hala ere, tartean behin, bere lantokian hamaikagarren aldiz zapaltzen dutenean, gutxienez «ai, min egin didazu» esateko eskubidea dauka. Beraz, ni eskema zaharretan harrapatuta geldituko naiz nahita: ai esan dugunok, nahikoa da esan dugunok, inposatu digutena onartu nahi ez dugunok, ez gara inoren lanerako eskubidea zapaltzen ari. Zuek, martxoaren 29an lan egin duzuenok urratu duzue edozein langilek munduko edozein lekutan inork zapaldu gabe lan egiteko duen eskubidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.