Bira
Estralurtarrak
Ikastaro oso bat pasatu nuen behin nire alboko neskari euskaraz bizi nintzela esplikatzen: «baina, baina... zu neska moderna zara», esaten zidan behin eta berriz, begiak zabal-zabal eginda. Bilboko Kafe Antzokian garagardo bat hartzen ari zarela euskarazko musika entzutea ohikoa da, baina ez joan aurreko espaloiko tabernetara. Ez dakite Berri Txarrak, Gatibu, Ken 7, Esne Beltza edo Bide Ertzean badirenik ere. Badut lagun handi bat, itxuraz munduan gertatzen diren gauzez asko arduratzen dena eta egunkaria sarritan erosten duena, baina nik azaldu arte ez zuen jakin 18/98 zer zen. Ordurako epaiketa ere amaituta zegoen. Ziurrenez izango dira galdera hauek sarritan entzun dituzten kazetariak: Euskarazko egunkaria? Non saltzen dute hori? Ingurukoek esaten didate asko irakurtzen dutela, baina, euskarazko liburuez hitz egiten hasita, arraro begiratzen didate. Ohi dudanez, nire albokoen elkarrizketa entzuten noa metroan, eta, disimulatzeko, ateetan eman didaten egunkaria irakurtzen hasi naiz: Titanen bizitza omen dago. Albokoek jarraitzen dute gaztelania garbian: hemen Espainian, guk espainiarrok... ez dago Titanera joan beharrik. Edo besteak edo ni, baina baten bat estralurtarra da Euskal Herrian bertan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu