Bira
Etxeko lanak
Badaramate denbora bat elkarrekin bizitzen, baina mutilak ez ditu etxeko lanak egin nahi. Ez da hori larriena: mutilaren kuadrillako beste mutilen emazteek argi dute ez dituztela beren gizonak fregona pasatzen ikusi nahi. Behin ikusi omen zuten aurrez aurreko balkoian bizi den gizona fregonarekin, eta ez omen zitzaien batere gustatu argazkia. Ez lukete beren senarra horrela ikusi nahi. Gure lagunak negar egiten zuen hasieran: XX. mendean jaio eta hau dena aguantatu behar al dut? Kalkuluak atera zituen. Urte guztian etxea garbituko dien pertsona bat kontratatzeak zenbat balioko lukeen kalkulatu zuen, eta, erdibana eginda, bakoitzak zenbat diru ipini beharko zuen jakin zuen horrela. Berak egiten ditu etxeko lan asko, baina mutilari bere erdia kobratu egiten dio. Lasaiago omen dago orain. Ez da konponbide txarra. Azken batean, izan daiteke hori modu bat, zure ondokoak etxeko lanak egitea zein gogaikarria eta nekea den jakiteko. Ez dakit garbi zer adieraz daitekeen horrela, baina buelta asko eman dizkiot joan deneko gauetan. Pentsa gure amamek edo amek aitonei eta aitei etxeko lanak egitearren kobratu izan baliete. Amamek ez zuten menpekotasun ekonomiko larririk izango, eta aitonak konturatuko ziren, eurek edonora dotore joan zitezen lan asko egin behar zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu