Bira
Etxekoandreak
Bizkaiko Foru Aldundiak Berdintasun Sariak banatu zituen martxoaren zortzian, eta aurtengo sarietako bat etxekoandreen kolektiboari eman zion. Guztien izenean Pilar Gilek hartu zuen saria. Mikrofonora hurbildu zenean, apenas ikusten zen atrilaren atzean: «Atril hau legeak egin dituztenek egingo zuten gure ahotsa entzun ez dadin, baina berdin dio. Ohituta nago ikus ez nazaten, baina ez entzun ez nazaten», esan zuen. Eta majo entzun genuen. Aldundiko ordezkariak aurrean egon arren, argi berba egin zuen: etxekoandreen lan baldintzak zein eskasak diren inoren etxean lan egiten dutenean, ze gutxi estimatzen den haien lana euren etxean lan egiten dutenean, ez daukatela langabeziarako eskubiderik, jasotzen dituzten diru laguntzak ez direla nahikoa… entzuten ari nintzela barre egin nion, baina egia ederrak esan zituen. Ez da bera ikusezina izatera ohitu duten emakume bakarra, ezta guztiek entzuteko besteek baino ozenago hitz egin behar duen bakarra ere. Sentsazio horiek han egon ginen neska askok izango genituen. Hala ere, nola aldatu den etxekoandrearen izaera. Oxala, gure amamek halako lekuetan berba egiteko aukera eta adorea izan balute neskame bidaltzen zituzten garaian. Asko falta da, baina, egin ere, bide luzea egin dugu. Zorionak, Pilar Gil; eskerrik asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu