Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Euskara arazo

2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Triste antzera dabil unibertsitatean etorkizuneko kazetari euskaldunak trebatzea lanbide ez ezik bokazio duen adiskidea: ohitu da ibilbide akademiko guztia euskaraz egin arren oinarrizko akatsez josita dauden ikasleen testuetara, haien arteko elkarrizketen %90 gaztelaniaz aditzera. Jan du hizkuntza planen emaitzak uste baino askoz motelago etorriko direla. Baina, hala eta guztiz, abegi onez ekiten dio egunero lanari, ikasle bakoitzari egindako zuzenketari, euskararen aldeko predikuari. Izan ere, oro har, euskararenganako jarrera ona sumatu izan die beti ikasleei; askotan ezinak eta ezezagutzak ezarritako mugaren gainetik aldekotasuna.

Azkenaldian, ordea, tristuratik etsirako urratsa egitear dago: gero eta gehiago dira idazkera traketsaren arazoa ez dela eurena baizik eta «euskararena» dela erantzuten dioten ikasleak. Euskarak ez ei die balio nahi dutena adierazteko, sinplea omen gaztelera aberatsaren aldean. Bihotzeraino kolonizatuta daudela ohartarazten dienean, gizarajoari jartzen zaion irribarrea jasotzen du bueltan. Are, «euskara ez zait gustatzen», erantzun dio harro esaldia zait edo du-rekin osatu zalantzan ibili den ikasleak: «amak esan zuen (sic) euskaraz matrikulatzeko, zergatik horrela EGA emango didate».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.