Bai, kontakizuna dugu azkenaldiko fetixea. Dagoeneko, fetixe eroria askorentzat, postmodernitateko aro likido hauetan gauza guztiak heldu orduko jaurtitzen baititugu eskuetatik; asperdura da irauten digun bakarra. Baina, pentsatzen jarrita, zer gara kontakizuna ez beste? Zer, besteei nahiz geure buruari egiten diogun kontaketa etengabe eta saihetsezina baizik? Kontakizuna behar dugu, izango bagara. Eta izan gaitezen zintzoak: zenbat dago gure kontakizun propioetan egia erabatekotik, eta zenbat, esan dezagun leun, fikziotik? Nola banatu bihia eta alea? Zein da bihia? Zein alea? Ez al da geure fikzioa geure egia erabatekoa?
Izango bagara —nazio, herri edo dena delako—, kontakizuna behar dugu, eta kontakizun bat irmotzeko saioa egingo dute milaka lagunek gaur Iruñean: 1512 urrun hartan estatu ginela eta egungo menperatzaile berak indarrez katepean jarri gintuela aldarrikatuko dute. Ez dakit kontakizun horretan zer den egia eta zer fikzioa, zer bihia eta zer alea.Ez zait axola. Gauza bat maite dut kontakizun ildo horretan: galtzaileak garela, Gernikan bezala, Amaiurren. Menperatzeko senik gabeko herria, Ameriketako indiarren eta Sowetoko beltzen senidea. Abertzaletasuna nazionalismoaren arriskutik salbatzen duen fikzioa.
Bira
Galtzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu