Bira
Geroa
Herri honek berezitasun asko ditu, baina politikoki zerbaitek ezaugarritu badu, hori banaketak izan dira. Ez dira oraingoak euskaldunek euskaldunen kontra egindako borrokak edo deklarazioak. Abilak gara gu etsaiak etxean aurkitzen, eta, burugogorrak izaki, abilak gara etsaien kontra. Azken urteetako politikagintzan banaketa asko izan dira, eta banaketen barruan ere iritzi korronteak sortu dira. Badirudi ez dugula asmatuko bidearen zati bat bera ere elkarrekin egiten. Lehengo banaketen baturatik eta lehengo baturen banaketatik sortuko dira azaroaren hogeirako koalizioak ere. Izenak esan dizkigute aste honetan, eta posizionatu gara; ehiza txakurra oilagorretan bezala irteerako tiroa entzun zain gaude geurea defenditzeko. Izen hutsetik aukeratu beharko banu, zalantzak izango nituzke. Amaiur pisu handiko izena da, baina Geroa Bai ondo sartu zait belarritik. Hala ere, geroa iraganean hasten dela pentsatzen dut, eta orainak egin behar duela handik gerorako zubia. Orain Amaiurren izpiritua berreskuratu nahi nuke, herri izaeraren aldarria, garena izatea inori baimenik eskatu gabe. Dena den, beti defentsiban egon beharrean, oraina, sortzeko unea dela uste dut. Orain bai, eta gero gerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu