Ez oso urruneko garai batean jendea plazara ateratzen zen prakak jantzi zituzten aurreneko emakumeak ikustera. Ikuskizun ziren. Erraietaraino sartutako pentsaerei aurre egin zieten andrazko ausart haiek.
Esango dugu gauzak asko aldatu direla ordutik, izugarri egin dugula aurrera: prakak, adibidez, erabat orokortuta daudela emakumeen artean, muga handi bat apurtu dela. Izan ere, besterik eman dezakeen arren, jantziek adierazten eta bideratzen dutena ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Prakek, adibidez, etxetik kanporako lanetan eroso ibiltzeko aukera eman digute emakumeoi, ez bakarrik mugimendu askatasuna areagotzen dutelako —ni neu gonekin prakekin baino askoz erosoago ibiltzen naiz askotan—, baizik eta, batik bat, gure autoikuspegian boterez eta ekintzaz janzten gaituztelako; hots, maskulinitatez.
Baina egin dezagun kontrako ariketa; atera dadila gizonezko bat gonekin kalera: horixe ikuskizuna! Laster izango da erraietatik ateratako gaitzespenen jomuga. Emakumeentzat maskulinitatera hurbiltzea onuragarria baita; aldiz, gizonentzat feminitatera urreratzea —edo maskulinitatea galtzea— eskastea baino ez. Eta pentsatzen jarrita, maskulinitate nagusi horri atxikitako balioak dira jendarte gero eta bidegabeago honen zutoinak. Horra, gonak, iraultzarako gakoak.
Bira
Gonak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu