Bira
Gutuna
Remitean izen-abizenak jarri dizkit, baina ez dakit nork idatzi didan gutuna; ez diot aurpegirik jartzen. Bere amak Amuriza irakurtzen omen zuen Eginen, eta berak BERRIAn Zaldieroa eta ni neu. Harriduraz irakurri dut kaligrafia garbian, bizkaiera dotorean, idatzitako berba bakoitza. Hunkitu egin naiz. Zerrendan nor dagoen begiratu ere egin gabe, beti berdinei edo antzekoei ematen omen die botoa, eta orain Madrilera joan behar dudala jakin du. Ez dirudi sorpresak larritu egin duenik, bere berbetan poza eta animoak eskaintzen dizkit. Ezin dut gehiago eskatu. Idazten duenak ez du inor konbentzitu nahi, irakur dezaten gura eta behar du. Baina nik ezingo diot eskatzen didana bete. Erdi behartuta, erdi gogoz, abentura berrien bila abiatzeko gogoa dudalako, herri honekiko konpromisoa badudalako edo sinple eta laburrago, erabaki bat hartu dudalako, txoko hau beste bati utziko diot. Madrilera noa. Askorentzat hain emeak izan diren gaiok hartu, eta arrek agintzen duten urruneko leku horretan astinduko ditut indartsu. Ez ditut hona ekarriko, aldi batez behintzat, lotsak, beldurrak, maitasunak, Corte Inglesa, gizonak, andreak, printzeak eta printzesa frustratuak. Baina nirekin daude, jaso ditudan kritika guztiekin batera. Muxu handi bana! Plazetan elkartuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu