Bira
Haizetan
Ez dakit egoerak kontrolatzen. Asko irakurri dut inpultsoei eustearen gainean eta komeni ez zaidan egoeretara ez hurbiltzearen gainean, baina praktikan beti egiten dut laban leku berean. Miresten ditut lekuan egoten dakitenak, gauzak komeni zaizkien edo ez aurretiaz dakitenak. Nik salto egiten dut lehenengo, gero hasten naiz paraxutaren hariari tiraka, eta ez dela zabalduko konturatzen naizenerako, gorputza kolperako prestatzea baino ez zait gelditzen. Haizeari eramaten utziz gero, askotan leku zoragarrietara heltzen da bat, baina argi izan behar da beste askotan ez dela hala izango. Edozelan ere, heldu zaren leku zoragarri bakoitzak ahaztarazi egiten dizkizu lurreratze txar guztiak. Batzuentzat ausardia da halakoa izatea, eta beste batzuentzat erokeria zentzugabea. Inoiz inbidia ere eman didate egoera aurretiaz ikusten dutenek, ezer egin aurretik bi aldiz pentsatzen dutenek; Kursaalean Ametsek mikroaren aurretik mugitu gabe erantzuten zidanean bezala. Kontrako itxura eman arren, ez nengoen bera baino erosoago. Baina ez dut derrigor eroso egon behar gustura egoteko; ez dut dena kontrolatu behar ondo egoteko. Nik egoera kontrolatu edo ez, gertatu behar duena berdin gertatuko da, eta, orduan, zertarako balio izan dit dena kontrolatzen eman dudan denborak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu