Bira
Harresiak
Erresumaren geografia mugatzen zuten harresiek lehen, eta txaleta egiteko erosi dugun terrenoa noraino heltzen den erakusten dute orain. Komentuek eta monasterioek harresiak izaten dituzte, eta guretzat apaingarri hutsa dira, baina barruan bizi direnentzat ezinbesteko egiturak dira kanpoko tentazioei lepoa emanda bizi ahal izateko. Harresiak ez dira hutsean eraikitzen, zerbaiten inguruan altxatzen dira beti, eta horrek, kanpotik begiratzen dugunean barrua ikusi ezinak, erakargarri egiten ditu. Zer gertatuko ote da Alcazarrean? Zer gertatuko ote da palazioko alkobetan? Eta pertsonok, geuregandik ateratzen ditugunez munduan egin ditugun obra eder guztiak, geure buruari ere eraikitzen dizkiogu harresiak. Badago horma handiaren atzean ezkutatuta bizi den jendea, eta haren begiek ez dakit nolako mezu misteriotsuren bat dutelakoan, urteak ematen ditugu horma apurtu nahian. Pentsatzen dugu horma horren hoztasunak bihotz on bat babesten duela, eta bilatu egin nahi izaten dugu. Baina nik bihotza azalean daukat, eta inorenaren bila hormak botatzen hasten naizenean, neurea apurtzen dut. Harresien atzean ezkutatu nahi duenak horretarako eskubide osoa du, baina neuk ere ikasi dut kanpotik begira gelditzen; sartu gabe. Harresiek beti ez baitituzte gauza ederrak gordetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu