Bira
Harriak
Egin aproba. Esan norbaiti, lurrean ahoz behera zaudela, errekako harriak jartzeko bizkarrean, ipurdian, izterretan eta hanketan. Egon apur batean, eta gero esan harriak ipini dizkizunari kentzeko: ea gai zareten guztiak noiz kendu dizkizuen igartzeko. Nik, zutitu nintzenean, oraindik, harriak neuzkan bizkarrean. Lurrera erortzean atera zuten zaratagatik ez balitz, ez nuen sinetsiko. Eta lurrean zeuden harriei begira urrun joan zitzaidan gogoa. Behin eta berriro esan zidaten neska politak beste batzuk zirela, eta sinetsi egin nuen. Irakatsi zidaten zaindu behar zela familia, lagunak, gizonak, zaharrak, eta azkenean neure burua zaintzeaz ahaztu naiz. Lehenengo aldiz «honeek enbrak» entzun nuenean mindu egin nintzen, bigarrenean haserretu, bosgarrenetik aurrera herri guztiarekin haserretu nintzen, baina azkenean, entzunaren poderioz, berba bat baino ez da niretzat. Argi esan zidaten noiz dagoen ondo hankak zabaltzea eta noiz ez, noiz maitatu behar nuen, noiz hitz egin, noiz dantzara irten, noiz utzi karrera profesionala eta zenbat urte baino lehen izan ama. Motxila harriz bete zidaten, eta eskerrak lantzean behin nire barruak oihu egiten didan. Harriek nire barruan eztanda egiten dutenean ateratzen duten zaratagatik ez balitz, ez nuke igarriko aldean daramatzadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu