Bira

Hausnarketa

Onintza Enbeita
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Behiek erraz egiten dute hausnar. Beste ezer egitekorik ez daukadanean begira egoten natzaie, eta dotorezia handiz hausnartzen dute. Han ibiltzen dira burua makurtuta belar bila, eta aurkitu ahala, jan egiten dute. Gero lurrean etzanda, gerizpean jarrita, alanbraden inguruan zutik, hausnar egiten dute. Jandakoa berriz jatearen antzeko zerbait omen da hausnartzea. Behiengana hurbilduz gero, barruan errota bat dutela ematen du hausnarrean badaude. Erraza dirudi, baina ez da. Hamabost egun izan ditugu informazioa jateko, eta gustuko proposamenaren bila ziur joan garenok ere beste milaka mezu irentsi ditugu. Telebista, irratia, kalea, jendea… ezin izan diegu mezuei ihes egin. Barruan errota bat daukagu guk ere martxan; baita botoa nori eman argi dugunok be. Errota guztiak lehertuko dira hautestontzietan, maiatzean lehertu ziren bezala, eta urte eta erdi barru lehertuko diren bezala. Hauteskunde batzuek dakartzaten aldaketak hausnartzeko astirik gabe heltzen dira hona hurrengo hauteskundeak. Hamabost egunean bonbardatzen gaituzte eta egun bakarra ematen digute hausnartzeko edo erreflexiorako. Batek esan zidan moduan, hausnarketa egunak baino, arnasketa egunak beharko ditugu laster boto-emaileok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.