El pueblo unido vive sin partidos (herri batua alderdirik gabe bizi da), oihukatu dute azken orduotan milaka lagunek eztarri batez Madril aldean. Haserre dabil jendea. Hasierako susmo sinesgaitzak lausotik argirako bidea egiten ari dira, eta gero eta jende gehiago ari da ohartzen krisi izendatu duten hori egungo gutxieneko eskubide eta ongizate sistema bertan behera uzteko ahalegin mozorrotua dela. Azken batean,harriak uretan sortutako uhina bezala ari dira zabaltzen biktimak: gero eta gehiago, gero eta esparru zabalagokoak. Hainbeste handitu da eze, jendartea bi multzotan banatuta irudikatzen dela: agintari zigortzaileak goian—makroekonomiaren kudeatzaileak eta politikariak— eta herri zigortua behean—gainerako guztiak: pentsa, anarkistak eta poliziak elkarrekin dabiltza manifestazioetan—.
Eta horrek guztiak badu pozgarritik, egungo sistema politikoaren hutsala agerian uzten badu, hau da, alderdi hegemonikoak marketinetik eta statu quo-a mantentzeko helburutik elikatzen direla, ideien sakoneko eztabaidatik eta interes orokorraren defentsatik edan ordez. Baina badu arriskutik: herria osotasun bakar eta monolitiko gisa ulertzea eta populismoaren bazka erraza oparo banatuko duten politikari ustez berriak sustatzea. Ez da arrisku makala.
Bira
Herria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu