Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Hispanitatea

2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Interfloratik nator, Wert Espainiako Hezkuntza ministroari lore sorta bidaltzetik, eskerrak eman nahi baitizkiot politikari bati —eta, bereziki, agintari bati— eskatzen diodana betetzeagatik: bere asmo eta helburuen berri garbi, aho bizarrik gabe emateagatik. Horixe besterik ez baitu egin: Espainiako botereen xedea Katalunia espainiartzea dela agertu eta hezkuntza sistema helburu hori iristeko tresna gutiziatua. Hots, denok ulertzeko moduko hitz xumeetan jarri du aspaldidaniko asmo eta praktika.

Bazter asko asaldatu ditu, ordea: batetik, Espainiarekin borondatezko idilioan bizi nahi (izan) duten abertzaleena —ai, ai, ai, bai gogorra printzea zapo bihurtzen ikustea—. Bestetik, progresia Espainia zalea, abertzale zozo eta antigoalekook gure txokokeria motzetik unibertsaltasunaren bidez salbatu nahi gaituen horiena—ez ahaztu, adibidez, Zelaak curriculumean Euskal Herria hitzarekin eta euskara ez lehenestearekin izandako tema—. Asaldatu egin dira, ministroaren ispilu gardenak munduko herritar kosmopoliten mozorroa erantzita islatu dituelako, diren bezala: han eta hemen espainiarrak sortu nahi dituzten nazionalista. Zatar ikusi dute euren burua, eta Werten kontra ekin diote espantuka. Nolanahi ere, gaur elkarrekin ospatuko dute Hispanitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.