Bira
Hogei urte
Jugoslaviak historian iraun balu, laster beteko luke mende bete; lehen guda izan eta gero sortu baitzen. Oraintsuagokoa da bertako gerra, ordea: 1991n hasi zen Balkanetako gerra. Guda hura amaitu zenetik hona, Jugoslavia ez da. Haren lekuan Serbia, Kroazia, Eslovenia, Mazedonia eta Bosnia daude. Gerra hasi baino urtebete lehenago, Zagrebeko Dinamoren futbol zelaia izan zen herrien arteko ezinikusiaren lekuko. Kroaziakoa da Zagrebeko Dinamo taldea, eta 1990eko maiatzaren 13an Belgradeko Izar Gorriaren bisita izan zuten; Serbiakoa hori. Sekulako istiluak izan ziren. Ordubete pasa egon ziren zaleak elkar joka, eta Poliziak ezin izan zuen ezer egin. Elkarren kontrako min guztia kolpeka atera zuten. Hogei urte dira Jugoslaviako gerra hasi zela. Orduan hedabide guztietako notizia zen, eta bagenekien herri bakarrean batu nahi izan zituztela herri asko, eta azkenean leher egin zutela. Gaur, Kroazia oporretarako leku zoragarria dela baino ez dugu jakin nahi. Hogeita bat urte bete dira Maksimir futbol zelaian zaleek aulkiak elkarri bota zizkionetik, baina atzo Real Madrilen partida ikusten egon zen jende gehienak ez du horretaz pentsatu, futbolak eta politikak zerikusirik ez balute bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu