Bira
Indarkeria
Telebistan ez dute hiltzailearen izenik esan, ezta hildakoaren familiaren edo lagunen saminik erakutsi ere. Egunkari handiek «ustez» hitza errepikatu zuten autopsiaren emaitza argitaratu zen arte. Hilketez, demokraziaz eta tolerantziaz hitz egitea gustatzen zaien zenbait politikarik indarkeriaren gaineko analisiak egiteko momentu egokiaren zain geratzea deliberatu zuten. Gaueko informatiboetan ez genuen hiltzailea etxetik atxilotuta nola ateratzen duten ikusteko aukerarik izan; armak gordetzen zituen zuloko argazkirik ez dago inon, bere «modukoekin» biltzen den taberna edo egoitza ez dute miatu. Egia ezkutatu nahi izan digute, baina aurpegian leher egin die gezurrak. Eta gezurtia harrapatu egiten da: noiz arte sinetsiko genuen astelehen gaueko Teleberrian, arazo tekniko bat dela medio, ezin izan zutela Iñigo Cabacasi buruz hitz egin? Aspaldi desagertuta behar zuten gomazko pilotek gurean, baina berriz ere desegin dute familia bat, gazte bat lurrean zerraldo utzi dute, ezintasuna airean gelditu da. Libre dira nahi dutena egiteko. Lehen ere egin dituzte halakoak: kazetarien kontra oldartu ziren duela gutxi, Xuban Nafarrate larri dago… beldurtzen nauena ez da Ertzaintzak herritarron kontra darabilen indarkeria, indarkeria hori erabiltzeko duen inpunitatea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu