Bira
Iribarne
Ezin dut burutik kendu aitita Balentin eta Patxi ze pozik egongo liratekeen bizirik baleude. Ze poz hartuko luketen ikurrina legeztatu aurretik euskaldunak bere gorpuaren gainetik pasatuko ginela esan zuen gizona hil dela jakitean. Francoren diktadura garaian Turismo eta Informazio ministro izandakoa hil da, eta pena ematen dit, hainbeste zapaldu zuen belaunaldiko askok eta askok egun hau ikusteko aukerarik ez izateak. Amorruz ikusi zuten, ostera, nola Manuel Fraga Iribarne demokrata bihurtu zen, eta nola Galiziako Xuntako presidente izendatu zuten. Telebistaren aurrean negar egin zutenak ezagutzen ditut. Espainian ez dago desberdintasunik diktaduratik demokraziara. Egia da demokrazian hauteskundeak egon direla, baina hautetsiak izan diren asko diktadura garaian ministro izandakoak edo haien ondorengoak dira. Hala ere, haize berria badator, eta, zorionez, atmosfera kutsatu zaharra joaten ari da. Agur, Manuel Fraga Iribarne; ohorerik bat ere ez. Pentsatu dut ez zitzaiola gustatuko artikuluaren izenburua bere bigarren abizena izatea, lotsatu egiten baitzen euskalduna zelako. Baina izorratu egin nahi nuke. Jurramendin edo martxoaren hiru batez Gasteizen hildakoak justizia eske ari dira hilobietatik, eta hiltzaileak ez du bakean atseden hartzerik merezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu