Bira
Izenak
Badakit izenak ez duela izana egiten, baina izena oso garrantzitsua da. Amaren sabelari forma ematen hasi ginenerako, hasi ziren gure gurasoak gure izena zein izango zen pentsatzen, eta guk ere berdin egiten dugu edo egingo dugu sasoia datorrenean. Etxeko abereei izenak jartzen dizkiegu, eta behar dugu bizi garen lekuak izena izatea nongoak garen esan ahal izateko. Kaleen izenak ere garrantzitsuak dira. Ez da berdina Askatasuna kalean edo Konstituzio Plazan bizitzea. Leku zoragarrienari ere, glamour pitin bat kentzen dio guk maite ez dugun zerbaiten izena izateak. Eta zapatuan Autonomia kalean nengoen manifestazioa noiz etorriko, eta pentsatu nuen kale horren izena gainditu egin behar genuela independentziarako bidean, eta urrunera euskal preso politikoen senideak ikusi nituen zapiak eskuan. Argazkirik ez. Izenik ez. Eta edozelan hil dituztela ere, ETAko kideen izenak kendu egin dituzte kaleetatik. Baina gu manifestazioaren zain geunden puntuan Autonomia kalearekin gurutzatzen den kaleak Marcelino Oreja du izena. Banketxeko gutunetan, telefono fakturetan, lagunek oporretatik bidaliko postaletan… han agertuko da beti Marcelino Oreja, eta ez da iguala manifestazioari Autonomia kalean ala Marcelino Oreja kalean itxarotea. Izen batzuek min ematen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu