Bira
Kanpora
Baraualdia egitea zuten asmo bakarra. Legebiltzarreko gela bat hartu zuten, D3Mren kontrako epaiketako auzipetuei euren babesa emateko eta epaiketa politikorik gehiago egin ez dadin eskatzeko. Ez zuten oihurik egin, ez zuten ezer apurtu, ez zuten ezer nabarmenik egin, baina Ertzaintzak kanpora atera zituen. D3M legez kanpo utzi zutenean ehun mila lagunetik gora gelditu ziren Eusko Jaurlaritzan ordezkaritzarik gabe, baina epaituko dituztenak ez dira herritarrak ahotsik gabe utzi zituztenak. Epaituko dituztenak ahotsik gabe utzi zituztenak dira; proiektu politiko bat defendatzearren kartzelara eraman zituzten haiek. Eta hau guztiau okerrera doa. Laster amorrua, haserrea eta poza bera ere irentsi egin behar izango ditugu. Ez digute utziko kanpora ateratzen. Sare sozialetan halako edo holako protesta ekintzetara deitzea arriskutsua izango da, eta poliziaren aurrean esertzea delitutzat hartuko da. Aurpegia estalita, borrak eskuan, peloteroak kargatuta eta pistolak erabiltzeko prest dituztenen aurrean esertzea delitua da demokrazia deitzen duten sistema honetan. Ezin dugu inposatzen digutena baino bizimodu hoberik aukeratu. Gero eta delitu gehiago daude zigor kodean. Bitartean, Espainiako militarrek, berriro ere, Elgeta hartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu