Bira
Kontuak
Arabako Foru Aldundian milioi askotako zorra dagoela diote, eta Gipuzkoakoan ere bai. Herri askotako udaletan kontuek ez dute kuadratzen, eta Donostiako Udalean egoera oso larria dela esan ziguten udan. Ez dut nik epaituko gauzak asmo onez edo txarrez egiten diren, baina argi dagoena da herri honetan gauza asko gaizki egin direla. Krisia hitzarekin ametsik gaiztoenak izan ditugu hitza bera entzutearen entzuteaz, baina inork ez du esan abiadura handiko trena egingo ez denik dirurik ez dagoelako. Hemen, dirua, betiko partidetan murrizten da: osasuna, hezkuntza, zerbitzuak... Ez da kasualitatea izango, justu aurten, Bilduk espero gabeko emaitzak lortu dituen urtean agertzea gaizki kudeatutako hainbeste kontu. Gehiengo osoa ez da ona inorentzat, eta gaizki egindako kontuek erakusten dute hori. Beti agintean egon direnek nahi izan dutena egin dute nahi izan duten moduan; beti jakin baitute beren hanka-sartzeak atzetik datorren beste batek konponduko dituela, «nola gure alderdi berekoek hartuko duten lekukoa». Baina ez da beti horrela, zorionez. Horregatik ibili behar lukete kontuz Bizkaiko Foru Aldundian eta Bilboko Udalean: gutxien espero dutenean gaizki kudeatutako kontuak argitaratuko direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu