Zahartzeari ez niola beldurrik aldarrikatzen nuen lau haizeetara 20 urte nituenean: bizi legea ez ezik, zahartzea bizitzaren oparia zela esango nien aditu nahi zuten guztiei. Zimurrei ez niela beldurrik; are, urte batzuren buruan harro erakutsiko zituela nire bisaiak bizi esperientziek azalean zizelkatutako arrakalak. Esaten nuen ez nuela kosmetikan sinetsi nahi, kapitalismoak eta patriarkatuak elkarren lepotik emakumeak menderatzeko eta arpilatzeko sortutako industria zela. Ez hori bakarrik: onartzen nuen zahartzeak berarekin dakartzala ajeak —gorputzaren hondatze saihetsezina; sarritan baita oinaze eta ezinak ere—, baina azpimarratzen nuen adinak emandako jakituriaren eta barne orekaren ondoan ez zirela deus min eta galera horiek. Hiltzeari ez niola beldurrik eransten nuen gero, bizi izanaren ondorio baino ez zela. Hain urrun ikusten nuen hori guztia... nirekin zerikusirik ez baleuka bezala.
Hogei urte baino gehiago igaro dira ordutik, eta apenas sentitzen dudan jakituria handirik eta barne orekaren abarorik. Begi ertz eta ezpain ondoetan, aldiz, gero eta sarriago ditut zimurrak, bizi esperientzien arrakalak bainoago, keinu ozpinduen ondorioak. Gero eta sarriago harrapatzen dut neure burua gai kosmetikoen propaganda orri eta etiketak irensten.
Bira
Kosmetika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu