Bira
Kritikoak
Batzuk beti dira beste guztiok baino kritikoagoak, eta kritikoak besteok baino azkarragoak izaten dira gehienetan: kapaz izaten dira beste guztiok ikusi ez ditugun gauzak ikusteko. Zoritxarrekoak gu, ardirik beltzenak izanda ere, artaldean bizitzea erabaki dugulako. Zorionekoak kritikoak: egundo artaldean sartzen ez diren ardiak dira, ardi zurietan zurienak izan arren. Arretaz irakurtzen ditut euren burua kritikotzat duten zenbaitek politikaz esaten dituztenak. Harrigarria iruditzen zait lehen politika egiteko modu bat oldarkorregia-edo zelako kritikatzen zutenek, orain, politika bigunegiak kritikatzea. Nik ez dakit dena, eta nire sinpletasunean onartu egiten ditut zenbait erabaki; ez guztiak, jakina. Hala ere, kritikak egin behar ditudanean, edo zerbaitekin ados ez nagoela adierazi nahi dudanean, arazorik gabe esaten dut pentsatzen dudana. Zorionez, badaukat nire ekarpenak non egin eta nire zalantza guztiak non adierazi. Ez daukat egunkarietan edo irratian edo tabernan inork baino ozenago hitz egin beharrik, guztiek jakin dezaten, botoa eman diodan alderdiarekin ez natorrela guztiz bat. Ez daukat horren beharrik, eta harrigarria iruditzen zait zenbaitek altabozen beharra dutela ikusteak: ezer berririk ez esateko, beti kontra daudela argi uzteko…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu