Hendaiara bizitzera etorri ginenean ongietorri europar eta zibilizatua egin zigun auzoak: irribarre dotorez, Espainian ez bezala Frantzian arropak leihoan edo balkoitik eskegitzea debekatua dagoela esan zigun, gaztelera bikainean, guraso euskaldunen alaba eta seme-alaba frantsesen ama prestuak. Oso ohitura narrasa dela. Ez dakit debekuarena egia edo gezurra den, ez gara inoiz galdezka hasi. Badaezpada, bakearen alde, leku gordeetan lehortzen ditugu gure lixibak. Irratian, berriz, albistearen pare kontatu berri digute parez pare dugun Hondarribiko alde zaharrean leihotik kanpora zabaltzen dituztela oraindik jantziak: garai bateko egunerokotasuna bitxikeria bihurtuta, benetakotasunaren bila gabiltzan turistontzako karnata bizia amuan.
Bakearen alde, auzokoari ez diogu inoiz esan, debekuz edo debekurik gabe, Irunen, Burlatan eta Durangon ere gero eta gutxiago direla kanpora eskegitako arropak. Hazparnen edo Lohizunen bezain ohitura narrasa begitantzen dela han ere. Intimitatea asepsiarekin estaltzeko joerak ez duela mugarik, barne orbainak ondo ezkutuan dauzkagun herrialdean bizi garela denok, Koldo Almandozek igandeko BERRIAn ohartarazi bezala, Facebook, Twitter eta Tuentin etengabe barruko arropetan agertzen garen arren.
Bira
Lixiba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu