Bira
Loreak
Gazteegia zinen betiko joateko. Hilerrira arte lagundu nizun loreak eskuan, baina ez nuen oso ondo ulertu hurrengo igandean zergatik ez zinen Lehenengo Jaunartzea egitera etorri. Zure argazkia ipini zuten aldarean presente egon zintezen, baina argazkia han egoteak, zure ordez argazki sinple hori han egoteak, nabarmendu egin zuen utzi zenigun hutsunea. Urte asko pasatu dira, baina oraindik ere gogoratu egiten naiz nola ezkutatzen ginen autobuseko jesarlekuen azpian eskolatik etxerako bidean. Ez duzu inoiz jakingo, baina kazetaritza amaitu nuen eta egunkari batean idazten dut egunero. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean hiru aldiz kantatu dut, eta lagunek pankartak egiten dizkidate animatzeko. Bai, lagun zoragarriak egin ditut honainoko bidean. Ez gara autobuseko eserlekuen azpian ezkutatzen, baina hogeita hamarrak ondo pasatuta ere, jarraitzen dugu okerkeriak egiten. Umeegia zinen beti-ko joateko, eta umeegia nintzen ni ganoraz agur egiteko. Gauza gehiegi utzi zenituen bizi gabe, eta gauza gehiegi gelditu zitzaidan barruan zuri esan gabe. Gaur, berriro ere egingo dut hilerrirainoko bidea, fedez baino gehiago pozez, eta lore bat utziko dizut bizi zinela eman gabeko muxu guztien akorduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu