Ari gara bazkalondoko mundu konponketan, jan-edan oparoen osteko iraultza propioan, ahotsak ozen, mingainak arin, bihotzak bero. Guztiok susmatzen genuena baieztatu digu iturri «oooooso kualifikatuak» maneiatzen dituen adiskideak: azken hilabeteetako negoziazio politiko sonatuenetako batean umeak bezala engainatu dituzte agintari berriak, hainbeste urtetako bazterketaren ondoren ilusioa piztu diguten horiek berak. Ziri sartzaileak, noski, gobernua betiko zutela uste zuten bai baina ezeko azeriak; denak berdin jarrai dezan ekiten eta berritzen maisu diren horiek, baita oposizioan ere. Gertatutakoak engainu beste izenik ez ei dauka: gauza bat hitzeman, eta bestea egin.
Guztiok sumatzen genuena baieztatu digu adiskideak, baina hain gordin entzuteak geure onetik atera gaitu. Hasi gara espantuka: «Ene, nola liteke!». Lehen baino ozenago altxatu ditugu ahotsak, eta arinago astindu mingainak. Gogoz larrutu ditugu politikariak. Ez, ordea, zakur zahar engainatzaileak, baizik eta fede onez jokatu duten agintari berriak. Politikan tontoa izatea omen akatsik larriena. Halaxe aldarrikatu dugu bazkalosteko iraultzaileok. Zintzotasunak eta hurkoarengan konfiantza izateak politikarekin —are, iraultzarekin— zerikusirik ez balu bezala. Sartu zigun ziria Makiavelok.
Bira
Makiavelikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu