Bira
Memoria
Urdaibaik Kontxako Bandera irabazi du, eta asko poztu naiz. Badakit beste kirolari batzuen aldean, esker txarreko ordu asko sartu behar izaten dituztela arraunlariek, eta ez naizenez Bermeotik urrunekoa, poza hartu dut bandera jasotzen ikusi ditudanean; iaz ere berdin poztu nintzen. Gogoan dut Elorrion bertso saioa neukala, eta etxeratzean, Jose Luis Kortari egindako elkarrizketa entzun nuela Euskadi Irratian. Harritu egin ninduen oriotarraren tonuak eta bere akusazioaren segurtasunak. Sekulako astrapala sortu zen, eta hurrengo egunean Urdaibaiko ordezkariak agertu ziren medioetan Kortaren kontrako salaketa jarriko zutela esanez. Kortaren jarrera lotsagarria iruditu zitzaidan orduan, eta berdin pentsatzen dut orain. Dena den, uste dut ez dela ahaztu behar Izortz Zabala, bermeotarra, Astilleroko patroia zenean gertatu zena. Astilleroko traineruak Kontxako Bandera irabazi zuenean, antzerako salaketak egin zitzaizkien arraunlariei, eta bandera eskuan zuela Bermeora arrauneanetorri zenean, IzortzZabalak pankarta desatsegina aurkitu zuen bere herrian Astillero Pastillero leloarekin. Mila zorion, Urdaibai, eta balio bezate egin etahartutako minek etorkizunean zuzenago jokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu