Onintza Enbeita
Bira

Min

2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Umeak ginenean, eskailera mekanikoak zituen leku bakarra zen Bilbo guztian, eta, Metroak protagonismo handia kendu badio ere, hiriburuko lekurik mitikoenetakoa da Corte Ingelesa. Opari bat erosteko gogoak eroan nau gaur haraino, eta, pronostiko guztien kontra, ez dut niretzat ezer erosi. Eta kontatzera noana oparia erosi aurretik gertatu balitzait, hura ere ez nukeen erosiko. Galtzerdiak saltzen dituzten korridoretik oinez noala, saltzaile mehe batek galdetu dit ea zerbait behar nuen. Ezetz esan diot. Orduan, irribarre zabal-zabalarekin esan dit, ba omen dago produktu berri bat niri ziur interesatuko zaidana. Ziur hitza erabili du, eta faja bati buruzko eskuorria eman dit: zure figura murrizten du, zure kurbak nabarmenduko ditu mitxelinak disimulatuz, izarren pare sentituko zara. Eta nork esan dio nik ezer disimulatzeko interesa dudanik? Zergatik pentsatzen dugu potoloak beti daudela pozik eta ezerk ez dituela mintzen? Gustura erantzungo nion: «Badaukat nik ere zuri interesatuko zaizun zerbait: katilu bete txokolate bero txurroekin, eta goizero komunera lasai joateko pilula batzuk». Baina minduegi nengoen erreakzionatzeko. Eguna izorratu dit. Badirudi potola gaudelako ez dugula eskubiderik dotore egon nahi dugunean arnasa lasai hartzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.