Onintza Enbeita
Bira

Modernoak

2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Nire lagun gehienek tangak erabiltzen dituzte, modernoagoa delako kuleroak baino. Esaten didate erosotasunagatik dela, eta barre egiten didate nik beti kuleroak erabiltzen ditudalako. Badago bat, medikuarengana joan behar duenean, kuleroak janzten dituena, eta beste batek, tanga kendu eta kuleroak janzten ditu lotara joateko. «Ea», esaten diot nik, «oherakoan, denok egon nahi izaten dugu eroso, eta oherako kuleroak janzten badituzu, nola sinetsiko dut erosotasunagatik erabiltzen duzula tanga?». Lagun bat daukat gauza modernoak erosteko obsesioa duena: arropak, altzariak, kotxea… denak izan behar du modernoa haren gustukoa izateko; nahiz eta gero orain dela 50 urteko ideiak defendatuko dituen zenbait gairi buruz ari denean. Gurasoei brometan esan nien behin umedun nengoela, eta amak penaz esan zidan ez dela uste duen bezain modernoa: aita zein den izan zen bururatu zitzaion lehen galdera. Modernoak izan behar dugu: eta zer da moderno izatea? Gauza berriak modan jarri nahi dituenak, ordura arte egondakoak apurtu egin behar ditu. Horregatik ateratzen naiz kulerorik ez tangarik gabe egun errebeldea daukadanean: iraultza txikiak barrutik kanpora egin behar direlako, jendeak bere modukoa zarela pentsatzen duen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.