Bira
Oharkabean
Badira oharkabean pasatzen diren efemerideak, egunak eta orduak norbaitek gure memoriatik ezabatu balitu bezala. Badirudi gauza batzuk orain diren modukoak izan direla beti, inork ez duela ezer egin hala izan daitezen. Eskoletako liburu gehienek izen berdinak ahaztu dituzte. Aurtengo apiril ingurura arte ez dut jakin Clara Campoamor Donostian lurperatuta dagoenik. Nor zen Clara Campoamor? Emakumeok boto eskubidea izan dezagun lan egin zuen politikari bat. Baina ez zen espainiarra? Bai, baina besterik lortu arte guk espainiarrekin batera ematen dugu botoa udaletxerako, foru aldundirako, Autonomia Erkidegorako edo Madrileko Kongresurako. Beraz, gutxi bada ere, zerbait zor diogu. Boto eskubidea ez zuen demokraziak ekarri; bigarren errepublikan lortu zen, baina nork, noiz, nola? Ez dakigu garbi. Zergatik ez da efemeride garrantzitsua? Oharkabean pasatzen diren gauzarik gehienek zergatik dute emakume izena? Eta zergatik nator ni gaur honetaz hitz egitera? Ez dakit ziur, baina pentsatzen dut egun guztiak direla onak memoria ariketa egiteko. Nereak eta biok promes egin genion elkarri Campoamorri loreak eramango genizkiola Polloera. Pentsatzen dut isil-isilik joango garela, oharkabean; inork esan ez dezan erotuta gaudenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu