Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Poetika

2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Zeinuen eta ikurren bidez adierazten dugu geure burua, izan hitz, keinu, bandera, marka edo tatuaje. Murritz dezakegu oraindik ere gehiago kontua: etengabeko adierazpena baino ez garenez, zeinu eta ikur gara. Beraz, gure talaia postmodernoetatik nazio ikurren auziari irribarre barkaberaz kasu egiten badiogu ere, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Badakite, nonbait, larunbateko Euskal Herriko eta Eslovakiako selekzioen arteko futbol partidaren antolatzaileek, eta, horregatik, gogotsu heldu diote ereserkiaren eztabaidari. Heldu eta ebatzi: Txanton Piperri operako Euskal Herriko izendatu dute partidako himno —hori bai, ezkertiar eta berdinzaleak garenez, aldez aurretik genero zuzenketa eginda—. Ondorioz, «Euskal Herriko seme(-alabak) gara, zor dioguna bizia», kantatuko da Anoetan bular bete eta eztarri beroz. «Beraren alde emango dugu, zainetako odol guztia», hurrena.

Alegia, auzo harroputzen adibideei segika iragan gaindituetako oihartzun epiko eta terminologia militarrean adieraziko gara; bizia maileguan eman digun aita-ogro irudikatuko dugu aberria. Bai aberri jasangaitza! Noiz utziko ditugu odol kontu horiek emaileen iragarkietarako? Joxemari Karrere ipuin kontalariak ohartarazi bezala, noiz jarriko dugu epikaren lekuan poetika?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.