Onintza Enbeita
Bira

Politizatzeaz

2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacasek ez zeraman borrarik, ez zeraman gomazko pilotak jaurtitzeko gailurik, ez kaskorik. Bere talde kutunaren garaipenaren poza baino ez zeraman, eta pilota batek kendu egin zion betiko. Pentsatzen dut momentuaren larritasuna: ihesbiderik gabeko kalea, gomazko pilotak airean, jendea nora ezean, Ertzainak harro irteera bakarra itxiz… eta halako batean, edonor izan zitekeen arren, Cabacas lurrean. Eta ezin lagundu, ezin eutsi, ezin anbulantziari deitu, ezin esan, ezin eskua estutu… gure segurtasuna zaindu behar luketen agenteek ez zieten han zirenei gazteari laguntzen utzi. Gorputzaren ondora makurtu zirenak jipoitu egin zituzten, hemen beraiek agintzen dutelako, eta hori argi uztea gustatzen zaielako. Herritarron segurtasuna bermatu behar luketenak herritarren kontra. Inpotentzia, amorrua, mina, estualdia, urduritasuna eta giza miseria. Eta Barne Saila isilik asteartera arte. Eta diozue Ertzaintzaren jarrera hau ahalbidetu eta baimendu duen politikariaren dimisioa eskatzea hilketa politizatzea dela. Eta hilketa honi heriotza deitzea ez da gertatu dena politizatzea? Eta gertatu den lekuan Herriko Taberna egon dela behin eta berriro azpimarratzea? Eta sare sozialetan idatzi ziren zenbait lekukotza ezabatzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.