Bira
Radarra
Euskal Herriko sexologorik irribarretsuenak esplikatu zidan radar bi ditugula gure barruan. Bata, gauza txarrak jasotzen dituena, beti omen daukagu piztuta; eta bestea, guri buruzko gauza onak jaso behar dituena, itzalita izaten ei dugu. Ez zuen jakin azaltzen geu garen itzaltzen dugunak edo derrigortu egiten gaituzten itzaltzera, baina esperientziak irakatsi dio ez dugula piztuta izaten. Astebetean ibili nintzen ordura arte itzalita izandako radarrak jasotzen zuena koadernoan apuntatzen, eta ohartu nintzen beti piztuta izateak asko arinduko lidakeela neure buruari ezartzen diodan zama. Hurrengo pausoa zailagoa izan zen: radarra barrura begira jarri, eta neure buruari onartu nizkion hainbat gauza on. Koadernoan ez nituen apuntatu; lotsagatik. Aspaldian ez dut radarrari entzuteko astirik izan, eta aste honetan aktibatu egin didate Durangoko Udal Euskaltegiko ikasleek, hizkuntza eskolako ikasleekin bertso eskola osatu duen irakasleak, Facebookean esanak egunkarian berretsi dituen kazetariak, igande goizean kafea egin zidan lagunak eta astiro-astiro azala zeharkatzen ari zaidan norbaitek. Ordua dut radarra betirako piztuta uzteko; bestela, itzaltzen dudanean galtzen dudanak eragindako mina beti da piztuta dagoenean hartzen dudan poza baino handiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu