Bira
San Balendin
Gaurkolako egun batez maitasunezko postalen lehiaketa bat irabazi nuen behin. Etxetik urrun nengoen, lagunik gabe, eta komunitatean integratzeko modu bat izan zen parte hartzea. Ez nuen kontzientzia arazorik izan saria hartzeko. Behar bada etxekoek ez nindutelako ikusten, nor eta ni, San Balendinen txatxukeria elikatzen; edo behar bada saria goxoa zelako: kaja bete gominola. Sariarekin batera hartu nuen bizitzan jaso dudan maitasunezko postal bakarra ere. Idatzi zuenaren arabera, gauza on asko nituen, eta batez ere harrituta zeukan nire barreak. Oso gauza gorgeous omen zen Onintza barreka. Irakasleari galdetu nion hitz horrek zer esan nahi zuen, eta, nik uste nuenaren kontra, zerbait zoragarria zen. Kosta zitzaidan hankekin lurra ukitzea tarte batez, baina halako batean postalaren egileak forma hartu zuen, izen-abizenak… eta kontuak enkantua galdu zuen. Etxetik kilometro askotara nengoen, lagunik gabe, eta komunitatean integratzeko modu bat izango zen baietz esatea, baina ez zitzaidan atera, ez nuen nahi. Postala hartu, etxera itzuli, sofan eseri, eta gominolak jan nituen telebistaren aurrean. Ez dut harrezkero maitasunezko postalik ez idatzi ez jaso, baina zenbat aldiz eseri naizen telebistaren aurrean gominolak jaten!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu