Bira

'Señora'

Onintza Enbeita
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Kartzeletako metal detektagailu guztiak dira gogaikarriak, baina batzuk besteak baino gehiago. Almeriako kartzelakoa pasatzeko arorik gabeko sujetadorea erosi nuen aspaldi, baina joan zen zapatuan alferrik izan zen hori ere. Pi pi pi hasi zen metal detektagailua lehenengo bueltan, eta abiapuntura itzultzean berokia kendu nuen barreka: nola ez nintzen lehenago konturatu! Bigarrenez pasatu nintzen, eta berriz ere pi pi pi egin zuen makinak. Urduri jartzen da bat halakoetan: funtzionarioak begira-begira, beste senideak zain, ijitoak kentzen ari zaren prenda guztien errepasoa eginez… oinetakoen kordelak askatzera nindoala, señora entzun nuen. Neurean jarraitu nuen. «Aizu, señora…». Gero eta hurbilago sentitzen nuen ahotsa eta burua jaso nuen, «aizu, señora, buruan daramatzazun gauza horiek eta sortija handi hori ere kendu». Nirekin ari zen, eta señora deitu zidan bi aldiz! «Buruan daramatzadan gauza hauek orkila sinpleak dira, eta sortija hau zilarrezkoa da». Pasatu nintzen ortozik eta neure sortija handia gabe, eta gauza guztiak berriro ipini orduko, bakarrik gelditu nintzen. Azkena sartu nintzen lokutorioetan. Funtzionario batek lagundu zidan ateraino, nahiz eta bidea banekien: «Hemendik, señora». Arduratzen hasita nago: edade kritikoan sartzen ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.