Bira
Titanic
Esaten dute kapitainak ez zuela abiadura moteldu. Gizakiok beti behar dugu errudun bat, eta, Titanic-en kasuan, kapitaina izan zen itsasontzia izozmendiaren kontra eraman zuena. Harengan utzi du historiak ardura. Gure lagun batek esango lukeen moduan, «zerbaitegatik kobratuko zuen besteek baino gehiago». Baina ez ote zuen presio handiegia? Pentsa ezazue inoiz izandako itsasontzirik dotoreena, handiena, luxuzkoena itsasoa zeharkatzera zihoala eta foku guztiak hari begira zeudela. Egia da orain dela ehun urte ez zirela hainbeste foku egongo, baina zeudenak kapitainak gidatu behar zuen ontzi hari begira zeuden. Hollywoodek nahi duena esango du, baina Titanic-era sartu ziren bidaiari gehienak aberatsak zirela esango nuke; eta diru asko ordaindu zuten itsasoa zeharkatzeko. Haurdun omen zegoen emakume batek erizaina eta etxeko zerbitzari bi eraman omen zituen berarekin. Horrek asko esaten du haren maila sozialari buruz, eta besteak ere antzera ibiliko ziren. Beraz, ardura guztia bati eman bazaio ere, nire Onintza erromantikoak esaten dit kapitainari ez ziotela beste aukerarik eman. Abiadura mantsotu izan balu arriskuaren aurrean, ordaindu zutenak kexatu egingo zitzaizkion. Orain ere ez du beti kapitainak agintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu