Pare bat arratsalde ikastetxe atari edo parkeren batean pasatzea nahikoa da ohartzeko gurasoen gehiengoa ezkertiar, solidario eta justizia zale sutsuak garela. Adibidez, Junek baloia uzten ez diolako Ekain negarrez hasten bada, berehala joango da Juneren gurasoetako bat alabarengana heziketa-doktrinamendu saioa egitera: jostailuak partekatzeko direla, jartzeko Ekainen lekuan, pentsatzeko bera balitz baloirik gabekoa nolako sentituko litzatekeen, gauzak edukitzeak, banatzen ez badira, ez duela ezertarako balio, lagunen maitasunik ezean ondasunek ez dutela pozik ematen... Are, June baloiari helduta ezezkoan tematzen bada, laster jasoko du errieta... edo zigorra. Saiatuko gara gurasoak berdintasunaren eta justiziaren printzipioak zorrotz aplikatzen.
Gero, jolas lekutik etxerako bidean, hipermerkatu atarian belauniko jarrita eskua luzatzen digunari ez ikusiarena egingo diogu, zeharkako begirada higuindua ez bada. Igogailuan, Urlia hipoteka ordaindu ezinik etxea galtzekotan dela jakiten badugu, ebatziko dugu erruaren parte bat berea dela, gastu handiegitan sartu delako. Eta etxeko sofan, iPad berrira besarkatuta lasaituko gara. Edo hobeto, iPad berrian ezkerreko pentsalarien analisi kritikoak irakurtzen.
Bira
Transformazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu