Bira
Txapelketak
Urduri egon dira. Doinuz erratu dira batzuk, eta berriro hasterakoan arineketan kantatu dute erritmoari eutsi ezinik. Mikrofonotik ihes egin du baten batek, eta handik minutu batzuetara itzuli da bertso ederra botatzeko. Lehenengoak kantatu duenean, beste guztiak urduriago jarri dira. Burmuina nola estutzen zuten errez-errez igarri dut urrunetik, neuk ere sasoi batean halaxe estutzen nuelako. Errimen papera eman didatenean konturatu naiz eskuak izerditan dituztela: paper gehienak umel-umel zeuden. Kantatu gabe geratu dira batzuk. Gurasoekin bertso saioetan ikusten ditudan batzuk egon dira. Beste batzuek harritu egin naute, mikrofonoaren aurrean duten patxada ikusita. Nahi nuke neuk ere! Orain dela urte batzuk, asko gutxi gorabehera, neu ere estu egoten nintzen: izerditan, urduri, bertsoa noiz buruan sartuko kantura ateratzeko. Orain, honezkero edozein parte hartzaileren ama izateko moduan nagoenean, pentsatzen dut egon behar duela beste formularen batek. Neuri ez zait okurritzen, eta esatea erraza da, noski; baina txapelketak beste modu batera egiterik ez ote dago? Sekulako harrobia daukagu, neska-mutilek jatortasun, jenialitate eta gaitasun lezioa ematen digute urtero, eta eskuak izerdi hotzez blaitu gabe mikrofonora atera daitezen lortu behar genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu