Bira
Udaberria
Umea nintzela, dermatitisa eragiten zidaten neguaren osteko lehenengo beroek. Garauak ateratzen zitzaizkidan gorputz guztian, eta azkura itzela izaten nuen. Medikuarenera joaten nintzenean, azkura kentzeko ukenduak ematen zizkidan, baina oraindik ez dakit udaberriro ateratzen zaizkidan lagun gorrixka txiki horiek zerk eragiten dizkidan. Azkuraren kontrako ukendu guztiak probatu ditut, farmaziakoak zein etxean egindakoak, baina sintoma hauentzat dudan azalpen bakarra amama Klarak umetan ematen zidana da: «Lasai, umea, hori odolaren aldaketa da!». Ez da oso zientifikoa, baina daukadan kontsolamendu bakarra da, eta gero eta garbiago daukat egia dela. Hartzek lo egiten dute negu guztian, eta udaberrian esnatu egiten dira neguan berriro lo egin ahal izateko. Inurriek gogor lan egiten dute beroaldian, hotza datorrenean lurpean eusteko udako erreserbekin. Neguan lurrean finkatutako egur zatiak baino ez diren zuhaitzak loratu egiten dira udaberrian. Zelaietan loreak ateratzen dira eta ortuetan kolore guztietako barazkiak, frutak eta intsektuak. Izaki bizidun guztiak bizi dira ziklikoki; beraz, ez du zentzu handirik ziklo horren eraginik jasaten ez duen izaki bizidun bakarra gu izateak. Udaberriak txolindu egiten zaituela? Zoragarri. Bizirik zaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu