Bira
Ulertezina
Lagun batek katastroaz hitz egin dit. Hitza bera entzuna nuen, baina ez dut egundo jakin zer den. Badakit baserria konpontzen hasi ginenean zerikusia izan zuela gero ordaindu beharreko hainbat paperarekin, baina ez dakit garbi zer den. Lagunak dena azaldu zidan: Higiezinen Gaineko Zergan eragina duela, udalen finantzaketari lotuta dagoela... ez daukat interes berezirik gaian, baina pentsatzen hasi nintzen itzulpenak egiten nituenean asko kostatzen zitzaidala instituzioetako aktak itzultzea. Esaten dute gaztelaniaz irakurtzera ohitu denari zaila egiten zaiola euskarazko paper ofizialak ulertzea, baina duda egiten dut gaztelaniaz ere lehen irakurraldian ulertzen direnik paperok: esaldi luzeak, hiztegi teknikoetan ere agertzen ez diren hitzak, ponposotasun faltsu hori... ez dut uste kasualitatea denik administrazio-hiztegia, batez ere herritarroi ordaintzea tokatzen zaigun kasuetan, hain konplexua izatea. Instituzioak ateak itxita kudeatzeari oso lotuta dago gramatika korapilatsu hori. Guztiok ulertzeko moduan hitz egingo edo idatziko balute, azalpenak eskatuko genituzke, gehiagotan asaldatuko ginateke eta ez lukete gure diruarekin nahi duten guztia egiteko aukerarik izango. Demokrazia egiazko batean, administrazio politikoak ulerterraza izan behar luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu