Bira
Ume hilak
Ni ez naiz inoiz haurdun egon, baina pentsatze hutsak oilo ipurdia jartzen dit. Ilusio guztiak bizitza berri batean jarri ondoren bizitza berri hori hilik jaio dela konturatzea beldurgarria izango dela pentsatzen dut. Ez nuke halako trantzetik igaro beharrik izan nahi. Ba al dago hori baino ezer okerragorik? Bada, bai: bizirik jaio den umearen amari esatea umea hilik jaio dela eta ume hori beste batzuei ematea. Munduan egin daitekeen gauzarik miserableenetako da, ez baitzait beste hitzik bururatzen, gorria edo pobrea delako norbaiti umea kentzea eta beste bati ematea aberatsa edo agintzen duenaren ideologia berekoa delako. Filmetan ikusi ditugu halakoak, Argentinan aspaldi hasi ziren diktadura garaian ostutako umeen bila, eta orain hemen espabilatu gara. Hilkutxak ireki, eta zorotzat hartu ziren emakume haiek, isildu zituzten emakume haiek arrazoia zeukatela ikusi dugu hilkutxa hutsetara begiratu dugunean. Ez dira kasu partikularrak. Sare oso batek parte hartu zuen umeen lapurretan, eta helburu argiekin egin ziren halakoak. Ume hilak bizirik egotea notizia ona da, dudarik gabe. Nork epaituko ditu, baina, ume haiek gurasoen eskuetatik kendu zituztenak? Nori eskatuko diote barkamena oraindik ere bizi diren zenbait medikuk? Eta Elizak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu