Bira
Xuhur eta zuhur
Arratiako tranbia hartzen zuen egunero Bilbora joateko, eta kobratzailea pasatzen zenean egunero ematen zion paperezko diru handia. Kobratzaileak ez zuen kanbiorik izaten, eta joan-etorri osoa egiten zuen ezer ordaindu gabe, egunero diru-paper berbera erakutsiz. Beste guztiek haserre begiratzen zioten arren, kobratzaile lelo hark ez zion inoiz ezer esaten, eta berak soldatari bidaiaren gastua kendu gabe amaitzen zuen hilabetea. Kobratzailea, ordea, ez zen bera bezain xuhurra, baina bai zuhurra. Mendekua astiro prestatu zuen. Guztiek barre egiten zioten arren, traje xalauaren barruan harro zegoen, bazekielako azken barre egiten duenak lasaiago egiten duela barre; ozenago. Goiz batean, eguneroko moduan, tranbian sartu zen delako gizon hori, eta eguneroko moduan begira gelditu zitzaizkion denak. Etorri zen kobratzailea, eta, tenis partida bat balitz bezala, kobratzailearengandik bidaiariarengana eta bidaiariarengandik kobratzailearengana joan ibili begiak. Atera zuen bidaiariak diru-papera eta kobratzaileak hartu egin zion. Ez hori bakarrik, bere zorrotik errealez betetako poltsatxoa atera, eta bueltak eman zizkion: «Eutsi bueltei, hemendik aurrera zegaz ordaindu eduki dezazun!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu