Bira
Zapaldua
Zapaltzen gaituen zera handi horren presentzia handiegia da euskaldunontzat: nortasun agirian daramagu, gure hizkuntza ulertu nahi ez duen funtzionario bakoitzarengan dago, animatzen ditugun futbol taldeek nazio arrotzetako ligetan jokatzearen erruduna da… Hori nahikoa ez, eta askotan, bizitzak berak areagotu egiten digu zama hori. Espainiako faxisten altxamenduan parte hartu zutenak eta berrogei urtez gure bide bazterrak hildakoz bete zituztenak ohean etzanda itxaron zioten heriotzari, lasai; adinduta. Espainiako demokraziak, demokrazia izan balitz, epaitu eta espetxeratu beharreko guardia zibilei domina eman die. Herriaren dirua ostu duten politikariak enpresa handien zuzendaritzetan kolokatu dituzte, eta guk, lubakian gordeta, hori guztia ikusi dugu gure begiokin. Euskal preso politikoek aspaldi behar zuten Euskal Herrian, kalean, etxean, baina ez daude. Eta orain pankartaren atzeko pauso isiletan bide lagun izandako Juan Mari joan egin zaigu; honezkero etxean behar lukeen semeari azken besarkada eman gabe. Orain ere zapaltzaileak egin du zati handi bat, aita eta semea behar baino gehiago urrunduz fisikoki, eta bizitzak egoera errematatu du. Nahi duzuena esango duzue, baina ez da justua; bizitza ez da batere justua zapalduokin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu