Bira
Zelofana
Guztiok ez dugu gauza bera bilatzen egunkaria zabaltzen dugunean, eta horrexegatik iruditu zitzaidan kritika ona nik idazten dudana goi mailako literatura ez dela esan zidan gizonak egindakoa. «Ez, ez da», argitu nion, «baina kontua da hori ez dela nik egin nahi dudana». Bizipen soilez idazten dut, gertatzen zaizkidanez. Zelofanarekin bil ditzaket, baina gauza arruntak dira pozten, harritzen, mintzen edo irribarretsu jartzen nautenak. Ez dut goi mailako literaturarik egin nahi; besteak beste, ez dakidalako horretarako gai naizen ere! Ni hauxe naiz. Eta horixe da Iruñeako taberna batean etorri zitzaidan neskari esan niona ere: pena dela halako aitzurrarekin ezagutu beharra, agian pentsatuko zuela pertsona zentzuduna naizela, baina halakoxea naizela. Poztu egin zen. Hala esan zidan: «Orain badakit egia idazten duzula». Nik idatz dezaket igandean whiski garestia edan nuela, eta kamareroak ez dakit zein bakarlari amerikarren musika jarri zuela, eta musikaren erritmo sentsualari jarraiki hurreratu nintzela nire bizitzako gizonarengana. Zelofana, zelofana eta zelofana. Beste askoren moduan, garagardo merkearekin galdu nituen paperak, fitxak sartu zizkidaten eta sartu nituen (azkenerako trakets) eta kanturik eskasenekin egin nuen dantzan lehertu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu