Bira
Zerbitzua
Agurtzaneren tabernara sartzea zoragarria da; batez ere, barran bera dagoenean. Zimur bakoitzean muxu bat gordeko balu bezala begiratzen dit, eta barraren atzetik irten eta besarkadak ematen dizkit berezi sentiarazteraino. Ze guapa zatozen gaur ere, esaten dit. Neguan pertsiana gutxi altxatzen diren herri batean dago Agurtzaneren taberna, itsasoaren ondoan. Afaltzera geldituko zarete? Agurtzane, zenbat da gurea? Nik zuenera noanean ez dut ordaintzen eta hauxe da nire etxea, eta zuek nire lagunak zarete. Hala da: taberna egin aurretik zen haren etxea Txoberne, eta guk haren lagunak izateko zortea daukagu. Erretiroa hartzeko adina badauka, nahiz eta ez duen ematen; baina ez du erretiratu nahi. Kostako herri batzuetan asteburuetan eta udan bakarrik zabaltzen dituzte tabernak, baina Agurtzanek egunero eskaintzen die zerbitzua lanetik deskantsua hartu nahi dutenei, uda pasatzera kostaldera joaten direnei, gaur mozkortzeko gogoa dutenei, atzoko ajea pasatu nahi dutenei, lagunei, maite dugunoi. Gutxi garenean ere, atea zabaltzen digu. Taberna ulertzeko beste modu bat dauka Agurtzanek: ez du diruagatik bakarrik egiten. Eskerrak! Txoberneko bezerook, bi aldiz bizita ere ez genuke dirurik izango haren zerbitzu atsegina eta bezeroenganako arreta ordaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu