Bira
Zigorra
Savannah izeneko hirian gertatu zen, AEBetan. Polizia bat hil zuen norbaitek, eta orduan hainbat lekukok esan zuten Troy Davis izan zela tiro egin zuena. Berak beti esan du ezetz, eta kartzelan eman zituen hogei urteetan ez da haren kontrako froga garbirik agertu. Duela hogei urte Davis ikusi omen zuten lekukoek ere ez daukate hain garbi bera izan zen edo ez; ukatu egin dute orduko deklarazioa. Antza denez, lekuko gehienak poliziaren konfidenteak ziren. Abokatu on bat kontratatzeko dirurik izan ez zuenez, Davis erruduna izan da kontrakoa frogatu ahal izan duen arte, eta ez du ezer frogatzerik lortu, horretan saiatu arren. Bizitzaren erdia kartzelan egin du, patiora ateratzeko ordubete baino ez zeukala, baina azkenera arte egin du bere errugabetasunaren alde. Herenegun azken errekurtsoa bota zion atzera epaileak, eta lau ordu atzeratu arren, ezin izan zuen heriotza saihestu. Errugabea naiz, esan zuen, eta hil egin zuten. Litekeena da Davisek gezurra esatea ez zuelako hil nahi, baina litekeena da bera ez izatea polizia hura hil zuena. Ez dugu jakingo, eta jakiten badugu ere, berandu izango da. Ordurako Davis ustelduta egongo da. Pobrea eta beltza zen munduko herrialderik demokratenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu