Egunero bi aldiz emango du ETB3 kateak 3Ene Kantak haurrentzako saioa: 09:30ean eta 20:30ean (irailaren 9tik aurrera, goizeko emanaldia 08:15era aurreratuko dute). Urko Oskoz, Nerea Urbizu eta Oihane Yarza abesti eta dantza ikuskizun jostagarriak eskaintzen arituko dira, Astronauta, Satorjator, Astotxiki eta Satortxiki pertsonaiekin batera. Saioa 2-8 urte arteko haurrentzat da.
Astero, Euskal Herriko ikastetxe batera joango dira, eta bideoklip bat grabatuko dute. Abesti zaharrak eta berriak tartekatuz joango dira ikasturte osoan.
Saioak hainbat atal izango ditu: irakurzaletasuna bultzatzekoa, margolanen ingurukoa, erraldoien eta konpartsen aurkezpena... eta, egunero, Astotxiki eta Satortxiki txotxongiloek umorez betetako atala izango dute. Bertan, garunak nola funtzionatzen duen azalduko diete haurrei, zeliakiaren mundua ulertzeko esketxak egingo dituzte, abenturak izango dituzte... Haurren beharretatik eta haurren beharretarako sortutako atalak dira, eta dantza, hainbat balio eta irriak izango dira oinarria horietan guztietan.
Lehen eguna du gaur programak. Estreinaldiarekin bat eginez, Ene Kantak saioko lagunek emanaldi berezia egingo dute gaur Gasteizko Plaza Berrian, 18:00etan, FesTVal jaialdiaren barne. Neska-mutikoek saioko pertsonaiekin abesteko eta dantzatzeko aukera izango dute.
Euskal Telebistak euskarazko beste bi saio estreinatuko ditu gaur, lehen katean: Ahotsak eta Egunak egin du.