'Egunak egin du' eta 'Ahotsak' saioak, bihartik aurrera ETB1en

Klaudio Landak euskarazko aurreneko 'late night'-a aurkeztuko du: astegunetan, 23:15ean
Klaudio Landak astelehenetik ostegunera gidatuko du <em>Egunak egin du</em> saioa ETB1en, bihartik aurrera.
Klaudio Landak astelehenetik ostegunera gidatuko du Egunak egin du saioa ETB1en, bihartik aurrera. ETB

Urtzi Urkizu -

2019ko irailak 1
ETB1ek orain arte goldatu gabeko ordutegi bat landuko du denboraldi berrian, 23:15etik gauerdira artekoa. Udazkena hasteko hiru aste falta dira, baina bihar estreinatuko du euskarazko kateak Egunak egin du saioa —ekainaren 27an proba egin zuten atal batekin, Iker Galartza aurkezle zela—. Klaudio Landak gidatuko du programa berria, astelehenetik ostegunera. Late night ordutegian saiakera bat egin nahi du ETBk.

Pausoka ekoiztetxeak egingo du programa, Donostiako Miramongo egoitzan. Zuzendaria Julene Aranburu izango da —Vaya semanita-n gidoilari aritutakoa, baita Go!azen-en ere—. «Umorea izango da gure ardatza», iragarri du Aranburuk. «Lagun talde bat batuko da egunaren bukaeran. Erlaxatzeko unea da, eta guztiaz hitz egingo da, filtrorik gabe. Burutik pasatzen dena esan ahal izango da».

Saioko gidoien koordinatzailea Xegun Altolagirre izango da, eta gidoilarien artean egongo dira Mirari Martiarena, Aintzane Usandizaga, Iñigo Dierez, Beñat Iturbe eta Hasier Larrea. Landarekin batera, sofakide hauek egongo dira albisteak umorez komentatzen: Ainhoa Etxebarria, Onintza Enbeita, Nerea Arriola, Gari Arroyo, Aitzol Atutxa, Maria Amolategi eta Mikel Elizegi. «Landa izango da anfitrioia, eta gauero kolaboratzaileak edo sofakideak aldatuz joango dira», azaldu du saioko zuzendariak. «Eguneko albisteak lagun artean komentatzen diren bezala jorratuko ditugu, eta horrek beste solasaldi mota batera eramango gaitu».

Joko arinak ere jolastuko dituztela iragarri dute. «Orduagatik, saioa erronka bat izango da. Baina morboa ere piztu daiteke, jorratuko diren gaiak eta tonua ez baitira izango ETB1en egunean zehar lantzen direnak. Ikusleek eskertuko dute giro lizun eta transgresore bat izatea lotara joan aurretik», gaineratu du Aranburuk. Saio horrekin, ETB1eko gauak «eroagoak» eta «biziagoak» izatea espero dute.

Abesbatzen lehiaketa bat

Bihar bertan, ETB1ek beste saio bat estreinatuko du: Ahotsak. Abesbatza lehiaketa bat izango da, zortzi galaz eta final batez osatua. Julian Iantzik aurkeztuko du, eta Hibai Etxebarria musika adituaren laguntza izango du astelehenero. Abesbatzek bi abesti kantatu beharko dituzte, eta abesbatzetako zuzendariek eta Etxebarriak erabakiko dute zein taldek merezi duen puntu gehien. Estreinako atalean, Eibarko (Gipuzkoa) Koro Gaztea, Oiongo (Araba) Prudentzio Egunsentia abesbatza eta Ugaoko (Bizkaia) Sarea abesbatza arituko dira lehian. Guztira, 24 koruk parte hartuko dute.

ETB2k ere bi saio estreinatuko ditu bihar: Yo sé más que tú lehiaketa —16:30etik 17:15era emango dute— eta Y punto umore saioa —Javier Antonek aurkeztuko du, 19:30etik 20:00etara—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna